Nahiz eta normalean pentsatu eskolarekin egiten ditugun txangoek klasea galtzeko baino ez dutela balio, azkenengo honetan gauza asko ikasi ditugu.
Atzo ikustaldi zoragarri bat egin genuen DBH 4. mailako ikasleok. Arditurrira joan ginen, Euskal Herriko historiari buruz gehiago jakiteko. Parke natural bat da eta Oiartzunen dago, Aiako Harrien aldean. Leku paregabea da, batez ere natura gustatzen zaienentzat.
Han bi ekitaldi gure zain zeuden. Nire taldeak lehenik bertako gauzarik erakargarriena ikusi zuen. Kaskoa jarri eta gero, noski, meategi batean sartu ginen bisita hasteko. Han hainbat kontu azaldu zizkigun neska atsegin batek. Meategiren datu interesgarrienak eta harrigarrienak hain zuzen. Guk zapaltzen eta ikusten ari ginen ingurua erromatarrek duela 2000 urte zapaldu eta ikusi zuten! Niri betidanik historia gustatu zait eta hori hunkigarria iruditu zitzaidan.
Han denbora asko eman genuen meategiren solairu ezberdinak ikusten eta datu bitxi gehiago ezagutzen. Niri asko gustatu zitzaidan erromatarrak nola moldatzen ziren entzutea. Tresna baliagarriak zituzten materialak aurkitzeko eta lortzeko. Egia esanda, gidariak esaten zituenak adi egoteko gogoa ematen zigun.
Gero, mendian ibili ginen. Han mota askotako harriak zeuden, baita granitoa ere. Aiako Harriak dira Euskal Herrian granitoa daukaten leku bakarra. Erosioarengatik, mota honetako harriak ikusteko aukera izan genuen eta primeran pasa genuen.
Nire ustez esperientzia hobezina izan da, asko ikasi dudalako eta primeran pasa dudalako nire ikaskideekin.
Alejandra Pequeño
Apirilaren 22an, asteartean, Arditurriko meategiak ezagutzera joan nintzen nire DBH 4. mailako ikaskideekin batera. Astebete lehenago gure euskarako irakasleek txangoa egingo genuela esan zigutenean, oso aspergarria izango zela iruditu zitzaidan baina pentsatu nuen klaserik gabeko egun bat izango zela.
Autobusean sartu ginenean konturatu nintzen nire lagunak ni bezala zeudela. Aspertuta. Guk bakarrik genekien meategi bat ikusiko genuela eta zerbait berria ikasiko genuela.
Arditurri Oiartzun aldean dago, Aiako haitzetan.
Heldu ginenean bi taldetan banandu gintuzten eta, beste taldekoak mendialdera zihoazen bitartean, guk lehen meategia ikusiko genuela esan ziguten. Meategiari buruz zerbait jakiteko, bertan sartu baino lehen bideo bat ikusi genuen.
Nahiz eta bideoan oso euskara zaila hitz egin, gauza interesgarriak ikasi genituen.
Alde batetik, erromatarrek meategi hartatik zilarra atera zutela. Are gehiago, haiek egindako tunelak eta baita cunniculum-a ere, gaur egun ikus ditzakegu.
Bestetik, Erdi Aroan, burdin meategia izan zen. Hortik dator Arditurri izena, “ardo iturri”, burniak urari ematen zion kolore gorriagatik, hain zuzen.
Azkenik, eta mende batean zehar ustiatu ondoren, 1990ko hamarkadan lekua itxi zuten.
Bideoa ikusi eta gero, eta kasko eta guzti, meategian sartu ginen.
Oso leku hezea da (uraren soinua entzun genezakeen) eta oso-oso iluna. Gainera tenperatura bera izaten da beti, 9-12 gradu artekoa.
Gure bidean zehar gidariak puntu bakoitzeko bitxikeriren bat kontatzen zigun.
Nik behintzat, asko ikasi nuen eta orain badakit kobazuloak kare harrietan sortzen direla; meategiak, ordea, beste harri-motak dauzkatela. Meategian harri eta mineralak ikusi genituen. Burdina horman ikus genezakeen baino baita kalzita eta granitoa ere. Oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Hamaiketakoa jateko etenalditxo baten ondoren, berriro meategian sartu ginen.
Bigarren aldian hirugarren mailan geunden eta han linterna erabili behar izan genuen oso ilun zegoelako. Azken egunotan izandako euri kopurua handia izan zelako txamarra guztiz bustita geratu zitzaidan.
Meategiko hirugarren mailan erromatarrek egin zituzten tunelak ikusi genituen eta duela 50 urte egindako tuneletan egon ginen. Oso ondo pasa nuen.
Meategitik atera ginenean, gidariarekin hitz egin genuen eta berak esan zigun mendian ibilaldi txiki bat egingo genuela. Oso ondo iruditu zitzaigun bustita geundelako eta eguraldi horrekin denbora gutxitan lehortuko ginen. Ibilaldian zabortegiak ikusi genituen eta ibai pare bat zeharkatu genituen.
Autobusera joaten ari ginenean konturatu nintzen ze azkar pasa zen denbora eta oso ondo pasa nuela.
Oso txango polita izan zen!
Pablo Gabilondo