Zentroko gurasoak
Gure eskola familien laguntzan oinarritzen da, hein handi batean, beren seme-alaben heziketa bide zuzenetik eramateko. Halaber, zentroko gurasoek ere aukera daukate guk antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzeko: ekintza horietako batzuk guraso-elkarteak berak antolatzen ditu (AMPA), gurasoek eta ikasleek elkarrekin egin ditzaten, elkar hartuta gure ikasleei hezkuntza hobea emango diegulakoan. Besteak beste, Gurasoentzako Eskola, Eskolako Festak eta umeen Danborrada antolatzen ditugu.
1. AMPA (Gurasoen Elkartea)
Gurasoen Elkartea (AMPA) gure ikastetxeko egiturako zutabe nagusietakoa da. Guraso guztiak daude elkartean, eta antolatuta dauden batzorde desberdinetan parte hartzeko ordezkariak hautatzen dituzte; besteak beste, gaur egun honako batzorde hauek dauzkate lanean: Jantokia, Balioak, Festak, Babesleak, Kalitatea, web-orria eta buletina, Proiektu Berriak, Agenda 21a, Alumni eta Arratsaldeko Zaintza-gela. AMPAren Zuzendaritza Batzordekook, guraso guztion artean osatzen dugun guraso-elkartea topa-gunea eta parte-hartze demokratikorako tresna izan dadila nahi genuke, gune plural eta zabala, eskolako ikasle guztien gurasoak ondo ordezkatuko dituena. Bakoitzak bere iritzia azaltzeko askatasuna izan dezala nahi genuke, inork ez izatea ez lotsarik ez beldurrik proposamenak egiteko eta esan beharrekoak esateko ekintzak antolatzeko garaian, denon artean hobeto antolatuko ditugu eta. Hortaz, hona gure eskaria gurasoei: adierazi lasai zuen zalantzak, nahiak eta iradokizunak, esan beharreko guztia esan, gure ahalegina nora bideratu jakin dezagun, eta denen mesederako emaitzak lor ditzagun. Har ezazue parte, ahal duzuen bezala eta ahal duzuenean, baina ekin gurekin. Esateko duzuen edozer pozik entzungo dugu. Jo gugana helbide elektroniko honen bidez: ampa@colegioaleman.net.
Eta mila esker aurretik.
2. Gurasoentzat Eskola (Familia eta ikastetxea elkarrekin heziketa lanean)
Heziketa gero eta gogorragoa eta konplikatuagoa da. Garai bateko autoritarismoa atzean utzi, eta irizpide garbirik gabeko aro lausoan gaude orain; libertinajean murgildu garela dioenik ere bada.
Kontuak horrela daudela ikusita, konturatu gara hobeto komunikatu behar genukeela familiak eta eskolak hezkuntzari buruz. Eta horixe da ikasleen gurasoei eskaini nahi dieguna “Familia eta ikastetxea elkarrekin heziketa lanean” leloa gidari hartuta.
Adituen esanak entzunda, gaur egun gertatzen dena hobeto ulertu nahi genuke, hobeto jabetu nahi genuke gure ikasleen psikean nahiz gizartean gertatzen ari denaz, benetako egoerari behar bezala erantzuteko.
3. Alemana gurasoentzat
Ikastaro hauen helburua zera da, hizkuntza eta kultura alemaniarra gurasoengana hurbiltzea, baina modu aktiboan, gai izan daitezen seme-alabei laguntza emateko bai alemaneko etxerako lanak egiten, bai Alemaniarako bidaietan, bai Alemaniatik trukean datozen ikasleekin hobeto komunikatzen.
Ikastaroak maila ezberdinetan banatu ditugu, batzuen eta besteen jakintzaren arabera. Hasiberrien ikastaroetan, aurreneko kontaktutik abiatzen gara, oinarri-oinarritik, eta, apurka, aurrera egin ahala, eguneroko egoeretara bideratzen ditugu, adibidez, jatetxe batean jan-edanak eskatzera, telefonoz dei egitera, hitzordua jartzera eta abarrera. Testu-liburua daukagu horretarako, baina metodo aktiboa aplikatzen dugu, ikasleak ahalik eta azkarren has daitezen alemanez hitz egiten.
Gero, mailaz maila, ezagupen gehiago eskuratuko dute, hasierako mailatik abiatuta: dagoeneko alemana badakitenek, abian dauden taldeetan sartzeko aukera daukate.
Gure ikasle izandako gurasoei ere eskaintzen dizkiegu ikastaroak, ikasitakoa ahaztu ez dezaten.
Goethe Institutuak antolatzen dituen azterketa ofizialak (Zertifikat Deutsch – B1) prestatzeko kurtsoak ere antolatzen ditugu, eta batzuetan, Alemaniarako bidaiak ere bai (aurten Berlinera joango gara).
Arduraduna: Natalia Córdova López
4. AMPAren buletina (Pdf eta flash formatuan aurki daitezke eranskin bezala)