Joan den ostiralean, giro ezin hobea izan genuen geure ikastetxean. Izan ere, urtero egin ohi dugun legez, aurten ere Weihnachtsmarkt-a ospatu genuen eskolan. Ondo pasatzeko aitzaki aparta izan ez ezik, tradizio alemana erakusteko aukera itzela da honakoa eta horrexegatik ospatzen dugu urtetik urtera egun hau gure eskolan.
Bostak laurden gutxitan ekin genion ekitaldiari eta honekin batera eguberriari. Aurtengo azokako postu ugarietan, Alemaniako eta bertako gozoak dasta zitezkeen, ohiko bilakatu diren Plätzchen-etatik hasita, ikasleek beraiek egindako gofre goxoetaraino. Hain ezaguna zein bitxia den Glühwein-ak ere arrakasta handia izan zuen guraso eta irakasleen artean.
Beste hainbat postutan, kamisetak, pinak, jertseak eta lehen hezkuntzako ikasleek egindako zenbait artelan eta eskulan ere salgai ziren. Bigarren hezkuntzakoek antolatu zuten postuan, ordea, gurasoek eta gehien bat umeek aktibo parte hartzeko aukera izan zuten, bai margolanetan edota jolasean beste ikasle eta umeekin batera.
Argi dago azoka honetan umeak direla nagusi; irakasleen laguntzarekin, bai noski, baina beraiek dira postuak antolatzen dituztenak. Ekitaldi gehienak gainera haientzat zuzendutakoak dira, Alemanian ohikoa dena era dibertigarri batean erakustearren. Eskolan plastikako klaseetara doazenentzat ere bada tokia azoka honetan, izan ere, klasean landutako gauza asko erakusten baitira (margolanak, “Christmas”-ak, beraiek margotutako zorroak…)
Nahiz eta arestian nabarmendutakoa arrazoi nahikoa izan azoka hau antolatzeko, bada helburu handiago bat, eta aurtengoa “Pausoka” elkartea ekonomikoki bultzatzea da. Elkarte honetan behar bereziak dituzten umeen gurasoek elkartzeko aukera dute. Azokaren bidez lortutako diru guztia elkarte honetara bideratuko da, Pausokako gurasoek ahalik eta laguntzarik gehien jaso dezaten.