Apirilaren 18an eta 19an DBHko lehen mailakoek irteera bat egin genuen Irunera Janire Gracia eta Mariaje Maiztegirekin. Irteeraren helburua bikoitza zen: Euskal Herriko historia hobeto ezagutzea (erromatarrek gure artean izan zuteneragina hain zuzen ere) eta gure euskerako hizkuntz gaitasuna hobetzea.
Irungo Martindozenea aterpetxean egon ginen, parke eder baten erdi-erdian. Aterpetxe atsegina da, eta primerako janaria eman ziguten. Bertara iritsitakoan eta gure gauzak eta logelak antolatu ondoren, monitoreekin jolastu genuen eta erromatarrei buruzko bideo batzuk ikusi genituen.
Bazkaldu eta gero, egongelan egon ginen jolasten. Gero, arratsaldean, tren txiki bat hartu genuen Nekropolira eta Erromatar Museora joateko. Erromatarren hilerria (Nekropolia) kristau ermita baten azpian aurkitu zuten eta orain erakusgai dago. Gero, museoan, gaur egungo Irunen erromatarrek sortutako hiriaren historia erakutsi ziguten eta bideo batzuk ikusi genituen. Museoan ontziak, arropak, txanponak eta garai hartako beste gauza asko ere daude ikusgai.
Hurrengo egunean meategi batera joan ginen, berriz ere tren txiki batean. Iritsi ginenean, kasko bana jarri eta gero, oso labe handiak ikusi genituen. Gero, beldur piska batekin, meategiaren barnera sartu ginen.
Aterpetxera bueltatu ginenean bazkaldu egin genuen eta jolasten egon ginen. Monitoreak iritsi zirenean, taldeko argazkia egin genuen eta diplomen banaketa. Gero gure motxilak hartu eta geltoki batera joan ginen eskolako autobusa hartzera Donostiara itzultzeko.
Oso eskursio interesgarria izan zen. Gure historia hobeto ezagutu, gure euskera hobetu eta, bide batez, ondo pasatu genuen.