Hizkuntzak ikasteko, ez dago irakatsitakoa erabiltzea baino esperientzia hoberik. Baina ikasitakoa ez izateko teoria hutsa edo gelako “erabilera artifizial” hutsa, lehen hizkuntza alemana duten beste ikasleengana hurbiltzen ditugu gure neska-mutilak: Alemaniara hiru aldiz joaten gara eskola-garaian. 11-12 urte dituztela hartzen dute parte lehenengoz trukean, eta hiru urte beranduago, bigarrengoz.
Horrez gain, truke indibidualak egiteko aukera ere ematen diegu gure ikasleei.
Elkar topatzeko aukerarik ez da falta, hortaz! Eta eskerrak, egonaldi horiek izugarri onak baitira neska-mutilentzat, Alemaniako eskola kolaboratzaileen lan eskergari esker, batez ere.
Hürth – Lehen Hezkuntzako umeak ere trukean
Ohikoa dugunez, lehen hezkuntza bukatzear dutela, 6. mailan, lehenengo trukea egiten dute ikasleek: Alemaniako Hürth hiriko “Albert Schweitzer Gymnasium” eskolara joaten dira, eta bi aste inguru pasatzen dituzte bertan, hango ikasleen etxeetan. Halere, trukearen aurreneko urratsak hori baino hilabete batzuk lehenago izaten dira, telefonoz, postaz nahiz e-mail bidez hasten baitira elkarren berri izaten. Gainera, kurtso osoa ematen dute trukerako prestatzen, irrikitan egoten gara denok, Alemaniara abiatzeko garaia noiz iritsiko. Hara joatea izugarri erakusgarria da gure ikasleentzat. Hizkuntzaren aldetik, aukera paregabea daukatelako ordu arte eskolan ikasitakoa bere jatorriko inguruan erabiltzeko, eta gauza gehiago ikasteko; eta, norberaren izaeraren aldetik, izaera garatzeko esperientzia hartzen dutelako. Eta, jakina, hori guztia alemanez, txiki-txikitatik erakusten diegulako Alemaniako hizkuntza eta kultura gurean.
Uda pasa ondoren dator trukearen bigarren zatia. Hürth-eko ikasleak gugana etortzen dira orduan, eta bertako ikasleek harrera-lanak egiten dituzte: ongietorria eman, ondo zaindu hemen gustura egon daitezen…eta hori ere ikasgai ona da neska-mutilentzat, beren izaera egiten laguntzen die-eta. Gainera, batzuetan, umeetako adiskidetasunak aurrera jarraitzen du urteetan, eta trukearen hasierako helburua denboran eta espazioan hedatzen da, berez.
Ikasle-trukea Wiesbadeneko Elly-Heussen eskolarekin
Ikasturtero, DBHko 3. mailako ikasleak Alemaniara joaten dira Aste Santuko oporren ondoren. Bidai hau Wiesbadenekin egiten den ikasle-trukearen barne dago.
Ikasleak 10 egunez egoten dira Alemaniako abegi-familien etxeetan. Bi irteera egiten dituzte: Francfortera eta Neroberg mendira. Azken honetan eskalada eskola bat dago.
Baina dena ez da izaten aisialdia: Alemaniako egonaldian kultur proiektuak burutzen dira, bertako kultura eta ohiturekin harreman estuagoa izateko. Aurreko urteetako gai nagusiak hauek izan dira: Elli Heussen eskolako informazioa jaso eta Wiesbadeni buruzko informazioa bilatu.
Ikasle-truke guztietan bezala, Wiesbadengo ikasleak ere etortzen dira gu bisitatzera. Hauen egonaldia ere 10 egun ingurukoa da, gure familiekin bizitzen. Era berean, kultura proiektuak eta irteerak egiten dituzte, Bilbo, Iruñea edo Hondarribira, esate baterako.
Bi hiriek urarekin harreman estua dutenez, ur kirolak oso garrantzitsuak dira. Donostian daudenean, ikasleek surf ikastaro bat egiten dute, eta, Wiesbadenen arraunketa edo kanoan ibiltzen ikasten dute.
Ikasketa-amaierako bidaia Alemaniara
Gure ikasleek dagoeneko ezagutzen dutenez Alemaniako iparraldea eta erdialdea, ikasturte-amaierako bidaia Alemaniako hegoaldera edo Austriara bideratzen dugu, bide batez, nabarmentzeko alemana beste herrialde batzuetan ere hitz egiten dela, Alemaniaz aparte. Bidaia honetan kultura asko lantzen dugu: Alemaniako eta Austriako historia eta ohiturak zein geografiako bereizgarriak ikasten dituzte ikasleek. Eta neska-mutilak gazteen aterpetxeetan kokatzen ditugunez lotarako, bertako jende gehiago ezagutzeko eta kulturan gehiago sakontzeko aukera bikaina daukate.
Horrez gain, Munich-eko egonaldian, Alemaniako unibertsitateetako ikasketen berri ematen diegu.