Ekainaren 7an Arditurrira joan ginen 4. DBHko ikasle-irakasleok. Helburua: erromatarren garaiko meategiak eta haien ingurunea bisitatzea eta, horrela, euskal kultura hobeto ezagutzea.
10:00ak aldera heldu ginen, eguzkipean, Arditurriko paraje ederrera. Gida bat lagun, ordu t´erdiz ibili ginen mendian gora, eta, Aiako Harriaren itzalpean, naturaz bertatik bertara gozatzeko eta hari buruz zenbait bitxikeria ikasteko aukera izan genuen: ibaiak nola sortzen diren, zuhaitzek hazteko zenbat denbora behar duten, gurean zein landare dagoen… Liztor asiarren habia bat eta igel bat ere ikusi genituen eta izan zen, nola ez, beroari aurre egiteko ibaian freskatu zenik!
Arditurri inguruan ibili ondoren, meategira sartu ginen. Gehienontzat lehendabiziko aldia zen horrelako leku batean sartzen ginela, eta esperientzia zirraragarria izan zen. Lurraren erraietako iluntasunean, mendez mende irrist egin eta egiten duten ur tantaz inguratuta, erromatarrek nahiz XIX. mendeko langileek mineralak lortzeko nola lan egiten zuten irudikatzen ahalegindu ginen: baliabide eskasia, nekea, beldurra, hotza…
Bestetik, meategietan duela gutxira arte ustiatu dituzten mineralei eta beren ezaugarriei buruz ikasi genuen; horrela, astunenak zeintzuk diren erakutsi ziguten, zein erreakzio kimiko eragiten duten, gaur egun zertarako erabiltzen ditugun…
Laburbilduz, naturaren eta gizakiaren arteko harreman estu bezain antzinakoa ezin hobeto islatzen duen lekua dugu Arditurri, gure kulturaren eta historiaren adierazgarri bizi eta bikaina. Horren kontzientzia genuela itzuli ginen, pozik, ikastetxera.